Babel eta Igogailua

Abendua 9th, 2006

Egiari buruzko blog hau ez da erlijio blog bat, baina Biblian agertzen den pasarte bat interesgarria iruditzen zait. Genesiko 11. kapituluan esaten denez, gizonek zigurat itxurako dorre bat eraiki nahi izan zuten, lurretik zeruraino iritsiko zena. Baina Yaveh-k hau ez gertatzearren, hiztun guztien hizkuntzak nahastu zituen, hizkuntza berriak sortuz. Hala, gizonek ezin izan zuten adostasunera iritsi eta dorrea ez zen eraiki. Berdina gertatzen da ba, geure auzo honetan.

Udaletxeak igogailu bat eraiki nahi du, Egiako zonalde altuenetara erraz iristeko asmoarekin. Hasieran dena ondo zegoen, denok nahi zuten igogailua, inork ez zuen oztoporik jartzen. Egun batean, obrak gelditu egin ziren. Inork ez daki zergatik. Batzuek, hauteskundeak hurbil zeudelako gelditu zirela diote. Besteek mutu diraute. Eta beste egun batean, inork abisatu gabe, inork espero gabe, berriro ere, aurrera egin zuten.

Baina hori trantsiziozko arazo bat izan zen. Orain etorri da arazo nagusia. Orain, norbaitek (ez dut uste Jainkoa denik) igogailu horren (dorre horren) eraikuntza oker dagoela esaten du. Argudiatuz, erabili diren materialak ingurua ilundu egiten dutela, zonaldea arriskutsu bihurtuz. Eta hau guztiz baliozkoa eta egiazkoa da. Gauetan txoko beldurgarri batean bihur liteke eta, segur aski, dorrea halako moduan amaitzen bada, izango da. Baina nire analogia beste hari batera zetorren. Horrelako gauza bat argia zen, igogailua eraikitzen hasi zirenean materialak ikusten ziren, zementu gris hori txoko ilun horretan. Baina inor ez zen kexatu. Udaletxeak ere, igogailua eraikitzeko lekua hautatzerakoan hori ere kontuan hartu izan zezakeen. Dirudienez, ez zuen halakorik egin. Eta orain denak Babelen bezala gaude. Ez dugu elkar ulertzen. Ez dugu ezer ulertzen.

 

Igogailua Urruti                     Igogailua Hurbil

3 Iruzkin to “Babel eta Igogailua”

  1. malakane Says:

    zorionak gune honengatik. bazen garaia euskara txukunean gune bat egitekoa!

  2. Babel eta Igogailua II-- Egian Egiaz Says:

    […] Orain dela denbora asko, urte bat ia, Egia auzoko blog honetan hitz egin genuen Plaza Haundiko Igogailuaren inguruko gorabeherei buruz. (Ikus: Babel eta Igogailua). Urte bete da, jada, obrak hasi zirela, Udalak lau hilabete eta erdian bukatuta egongo zela esan zuen arren. Orain dioenez, 2008. urte hasierarako bukatuta egongo dira, obrak hasi eta 15 hilabetetara. […]

  3. Polloe Says:

    Zeinek eskatu du igogailu hau? Norentzat da? Eta zertarako behar dugu igogailu hau? Zeinek ibiliko du? Aldakoneako jendeak Plaza Haundira joan nahi du? Agian nahiago dute erdira eta Grosera joatea?

    Izugarrizko gola sartu digute Udaletxekoek eta Kutxakoek. Igogailu hau egin da gero Onkologikoren lurrean eraikiko diren etxeen balioa haunditzeko. Ze bestela, zeinentzat da igogailu hau?

    Eta, orain, noski, udaletxekoek diote Egian daukagula dagoeneko igogailu bat eta beste bat ez dugula behar. Eta horrela gelditu gara behar genuen igogailurik gabe, zera da: Duque de Mandastik Aldakonearainoko bidea egiten duen igogailua.

Iruzkin bat utzi