Kaleak blai eta blai
Abendua 7th, 2006Urtero bezala, neguarekin batera euria ere etorri da, Egia den geure auzo honetara. Eta hauekin batera, betiko legez lehenengo arazoak ageri dira: uholdeak. Baina ez gaizki pentsatu, ez naiz Atotxan ematen diren uholdeei buruz ari. Ez. Gauza da, Karmengo Amaren kalea, denok dakigun bezala, aldapan dago eta grabitatearen indarraren ondorioz, ur guztia ubideetatik aldapa bera joaten da. Baina ubide horietan bi oztopo aurkitzen ditu urak. Lehenengoa, beribilak. Bigarrena, udaletxearen utzikeria.
Gidariek, beraien autoa espaloiaren aurka uzten dute gurpila ubidea oztopatzen duen bitartean. Ondorioz, ura aldapan bera doanean eta halako kautxuzko presarekin aurkitzean, irtenbide bat aurkitu beharrean urkitzen da. Eta zein da beti aurkitzen duen irtenbidea? Ba espaloian gora egin, eta berarentzat gaitutako bidea jarraitu beharrean, oinezkoentzako gaitutakoa hartzen du bere bezala. Honela izanda, jendea irristatu egiten da, zapatak busti etab. Kasu hauetan, zapata barik ibiltzea askoz erosoagoa izango litzatekeela pentsatzen dut.
Lehenengotik eratorria, udaletxearen utzikeria dator. Eta zergatik, galdetuko duzue. Oso erraza, estolda zuloak ez daude garbi. Kale garbitzaileek ez dituzte estoldak behar bezala garbitzen eta hostoek hauen gain kapa moduko bat egiten dute, ura gainetik pasatzen utziz. Hots, honek aurreko arazoa handitu egiten du. Ura bere bidetik ateratzen da, eta gainera nahiz eta bere bidera itzuli, ez da estoldatik bera joaten, aurrera jarraitzen du dena okertuz, eta prozesua errepika araziz. Bidetik atera; espaloitik ibili; bidera itzuli; bidetik atera; etab.
Azkenik azpimarratzekoa da, hau guztia ez dela gaurko gauza. Nire aitonak egoera hau ikusita, barkuan ibili behar ginela esaten zidan. Hamar urte dira bera ez dagoela. Egin ditzagun kontuak.